Skip to main content

Errenteriako LEPa bertan behera, hizkuntza eskakizunen aurkako helegite baten ondorioz

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, mar. 05 - 13:03

25 lanpostuko LEPa bertan behera utzi du Errenteriako Udalak, hizkuntza eskakizunen aurkako helegite baten ondorioz. Azaroan argitaratu zuten lan eskaintza, eta dagoeneko 800 hautagaik izena emanda zuten. Hala ere, C1 hizkuntza maila eskatzen zutenez, helegitea jarri dute deialdiaren aurka eta udalak prozesua bertan behera uztea erabaki du, Aizpea Otaegi alkatearen arabera honek sortzen duen “ziurgabetasun-egoera” dela eta.


Alkatearen hitzetan, “gai horri buruzko hainbat erabaki judizial ematen ari dira” eta etorkizunean eman litezkeen ebazpenak ziurgabetasun-egoera sortzen diela hautagaiei eta Udalari. Horregatik, adierazi du hautaketa prozesua behin-behinean eten dutela “egoera aztertu eta egon daitezkeen arriskuak neurtu arte”, hautaketa-prozeduraren eraginkortasuna eta herritarren eskubideak bermatu ahal izateko.


LABek honen aurrean adierazi du “Errenteriako LEPean interesik ez duen langile bat” Udaleko Lan Eskaintza Publiko batez “baliatu dela” horren kontrako helegitea aurkezteko. Sindikatuaren hitzetan, herritar hau “ez da azterketan aurkeztu” ere egin. Egoera “oso larria” eta “onartezina” dela salatu du sindikatuak, udalari eskatuz “eremu euskarafoboen” aurrean lanpostu horien hizkuntza eskakizunak mantentzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko, Korrika bultzatu eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista