Skip to main content

EHUk errekurritu egingo du hainbat epailek Euskarako noten harira hartutako erabakia

Politika

Maite de Felipe

2026, eka. 30 - 14:06

EHUk errekurritu egingo du hainbat epailek USaP probaren harira hartutako erabakia. Hain zuzen, Euskara eta Literatura ikasgaiaren kalifikazioa aintzat ez hartzeko agindu diote Bilboko zenbait auzitegik. Halaber, errekurtsoa ebatzi bitartean, irakasgai horretan nota baxua lortu duten ikasle horiei plaza gordetzeko eskatu diote.

Izan ere, astearte honetan amaitzen da EHUko graduetan aurrematrikula egiteko epea eta unibertsitateak epaileen erabakiari erantzun dio, adieraziz “ezin duela plazarik erreserbatu”. Hala nabarmendu du EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak Euskadi Irratian, eta azaldu du neurri hori betetzeak urratu egingo lituzkeela legea eta berdintasun printzipioa. Era berean, gaineratu du prozedura aldatzeak “babesgabe” utziko lituzkeela gainerako hautagaiak eta “auzibidea abiatu dutenei pribilegioa emango liekeela”.

EH Bilduk, bere aldetik, astearte honetan agerraldia egin du geratutakoaren inguruko balorazioa egiteko. Bertan, Ikoitz Arrese alderdiko Hezkuntza idazkariak gaitzetsi egin du epaileek hartutako erabakia. Haren esanetan, neurria aurrekari “oso arriskutsua” izan daiteke eta milaka ikaslerentzako "bidegabekeria”. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren aurka egin du, esanez “bereziki kezkagarria dela azterketak zuzentzeko sistema zalantzan jarri izana”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista