Skip to main content

EH Bilduk Osakidetzaren “arazo estrukturala” salatu du

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, uzt. 24 - 15:07

EH Bilduk Osakidetzaren egoera salatu du gaur goizean Barakaldoko Urban osasun zentroaren aurrean egindako agerraldian. Koalizioaren esanetan, Osasun Sailak hobekuntza irudia zabaldu nahi duen arren, datuek gezurtatu egiten dute kontakizun hori.

Datuen arabera, 2026an osasun zentroen %62 baino ez dago Osakidetzak "normaltzat" jotzen duen egoeran; 2023an, berriz, %75 ziren. Honen aurrean, Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi du Osakidetzaren egoera 2023ko mailaren azpitik jarraitzen duela eta ez duela hobera egin. Hala, zalantzan jarri du normaltasun kontzeptua. Haren esanetan, Osakidetzak ordutegiaren arabera neurtzen du normaltasuna, baina “ateak irekita egoteak ez du esan nahi kalitatezko arreta bermatzen denik”. 
Honen aurrean koalizioak adierazi du arazoa estrukturala dela. Salatu dute ez dela onargarria salbuespenezkoak izan beharko luketen egoerak planifikazio faltaren ondorioz arau bihurtzea. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari leporatu dio Osakidetzaren irudia marketin kanpainen bidez hobetzen saiatzea, benetako arazoei irtenbidea eman beharrean.

Hala, joan den astean Jaurlaritzak eta Medikuen Sindikatuak sinatutako akordioa ere kritikatu du adieraziz ez diela Osakidetzaren oinarrizko arazoei erantzuten eta, beste behin ere, Mahai Sektoriala albo batera utzi dela aldebiko akordioa sinatzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista