EH Bilduk mobilizazio nazionala deitu du azaroaren 14rako Bilbon
Politika
Maite de Felipe Suso
EH Bilduk mobilizazio nazionala deitu du azaroaren 14rako Bilbon, esperantzaren alde eta autoritarismoaren aurka.
Arnaldo Otegik, EH Bilduko idazkari nagusiak, agerraldia egin du astelehen honetan Donostian, alderdiko hainbat kide bildu dira egoera politikoaren inguruan hausnartzeko, eta bilera horretatik ateratako gogoeta helarazi du.
Balantzea egin du Otegik, eta gaur egunera arte gertatutako hainbat aldaketa “estruktural” aipatu ditu. Gogora ekarri du Kongresuko euren tesia, “burujabetza gehiago, arazo nazionala erdigunean jarri, politika neoliberalak borrokatu eta autoritarismoari aurre egin”.
Adierazi duenez, alderdian estatus politikoaren inguruko eztabaidak mantentzen ari dira, eta “akordio bat erdiestea zaila” izango dela ohartarazi du. Dena den, “baikor” daudela eta lanean jarraitzen dutela iragarri du.
Zentzu horretan, “esperantzarako deia” egin behar dela azaldu du. Idazkari nagusiak nabarmendu du euren helburuak betetzen hasi direla eta horrenbestez, “pozik” daudela. Eta ziurtatu du datozen hilabete eta urteetan arazo nazionala “erdigune politikoan” egongo dela Euskal Herri osoan.

















