EH Bilduk Aiaraldean zuzendaritza estrategiko bat eta koordinazio organo bat izateko beharra nabarmendu du
Politika
Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramailea Aiaraldeko EH Bilduko ordezkariekin bildu da eskualdeko Industria Garapenaren Aldeko Mahaiaren emaitzak aztertzeko. Arabako Foru Aldundiak iazko urte amaieran sortutako organoa da, eta azaldu dutenez, datorren astean ixtea aurreikusten dute.
EH Bilduk eskualdean “zuzendaritza estrategiko bat eta koordinazio organo bat” izateko beharra azpimarratu ditu. Era berean, adierazi dute gabezia hori azken sei hilabeteetan burutu dituzten lan-mahaietan jorratutako gai askotan antzeman dutela.
Gabezia horri aurre egiteko asmoz, EH Bilduk “udalaz gaindiko industrialdea bat sortzea” proposatu du. Azaldu dutenez, erakunde publiko batek kudeatuko luke, eta horrek garapen-agentzien koordinazioa hobetzea, eskualdeko agentzia bihurtzea eta garapenerako aholkularitza-sistema sortzea ahalbidetuko luke.
Bestalde, gogoratu dute jarduera industriala “dibertsifikatzea eta jasangarria izatea” dela alderdiak sustatzen duen lan-ildo nagusietako bat. Horiek horrela, nabarmendu dute energia berriztagarria “kontsumituko den lekuan sortu behar dela” eta horregatik beharrezkotzat jo dute udalerri bakoitzak bere behar energetikoak energia berriztagarrien bidez asetzeko duen gaitasuna ezagutzea. Jakinarazi dutenez, Aiarak, Artziniegak eta Laudiok eguzki mapa egiten ari dira.

















