Azken agurra eman diote Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari Ajuria Enean
Politika
Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia
Asteazken honetan, Ajuria Eneak Carlos Garaikoetxearen hil kapera hartu du. Goizeko 9.30ean, Imanol Pradales lehendakariak Garaikoetxearen familiari harrera egin dio. Lehendakari ohiaren hilkutxa ikurriñarekin estalita sartu dute Ajuria Eneara, eta txistulariek EAEko ereserkiarekin lagundu dute.
Ondoren, nahi izan duten guztiek hil kapera bisitatzeko aukera izan dute. Horien artean izan dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak; Juan Jose Ibarretxe, Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez lehendakari ohiak.
Ibarretxek azpimarratu du Garaikoetxea “erreferente, inspirazioa eta laguna izan dela”; Urkulluk ere “lehendakaria handia” izan dela nabarmendu du, eta gaineratu du “euskal senaren adierazlerik nagusienetako bat izan zela”. Lopezek, bere aldetik, Garaikoetxearen printzipio demokratikoak gogoratu ditu, eta politika egiteko modua ohoratu du.
Bestalde, EAJko Andoni Ortuzar gerturatu da, Eusko Alkartasuneko Pello Urizar, PSEko Maider Etxebarria eta Eneko Andueza eta EH Bilduko Joseba Asiron, Pello Otxandiano eta Arnaldo Otegi. Azken honek Garaikoetxearen euskaltzaletasuna azpimarratu du.
Ordu biak arte izan dute lehendakari ohiari azken agurra emateko aukera, ostean Iruñera eraman dute bertan izango baita hileta elizkizuna, San Frantzisko Xabierkoa elizan.

















