Skip to main content

Aske Antolakundeak auzitara joko du 153.600 euroko isunen aurka jarritako helegiteak ukatu ostean

Politika

Ane Garitaonandia

2025, mar. 18 - 13:03

2023an Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteko Zaballako espetxera egindako martxan, Ertzaintzak, Mozal legea aplikatuta, 128 kideri 1200€ko isunak jarri zizkien. Orain, Aske Antolakundeak salatu du isun horien aurka jarritako helegiteak ukatu dizkietela. Desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zien Ertzaintzak, eta guztira, 153.600 euroko zigor ekonomikoa eskatzen die.

Helegiteak atzera botatzea ez ditu Aske Antolakundeko kideak harritu, izan ere, helegitea onartzea edo ezeztatzearen erabakia beste ertzain bati dagokio, hortaz, euren aburuz, nola espero daiteke bertaratu zirenen kontrako mehatxuak, jipoiak eta ukituak egin zituen gorputz polizialaren partetik isuna atzera botatzea. Adierazi dutenaren arabera, martxan parte hartu zuten pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik, lehendabizi, martxa geldiarazten saiatu zen eta ondoren, ezarritako kontrol batean ehunka pertsona baino gehiago identifikatu zituen. Antolakundeak gaineratu du, kontrol horretan, indar errepresiboek modu bortitzean jardun zutela, hain zuzen, manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz.

Askek, azaldu du, isunak ez direla gertakari isolatua. Hain zuzen, adierazi du, mugimendu iraultzaileak asumitu ezin dezakeen zigor ekonomikoen bitartez gaitasun politikoa indargabetzea eta etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea dela xedea. Gehitu du, Mozal legeak poliziari inpunitate osoz aritzea baimentzen diola eta horri esker nahi duena asmatu eta bere neurrira egindako isunak jartzeko ahalmena duela. Honen guztiaren aurrean iragarri dute auzitara joko dutela eta isunen aurkako errekurtsoa jarri. Era berean, Euskal Preso Politikoekiko elkartasun adierazpena delitu bilakatu nahi dutela eta potentzialki gatazkatsuak zaizkien borraka guztiak kriminalizatzen ari direla adierazi dute. Aske Antolakundeak kolpe errepresibo honen aurrean elkartasuna Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko deia luzatu du. Bide horretan, urriaren 5ean antolatutako elkartasun egunean parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista