Skip to main content

130 euskal akademiko baino gehiagok arma berrindustrializazioaren aurkako manifestua sinatu dute

Politika

Ane Garitaonandia

2025, api. 03 - 13:04

Euskal Herriko 130 akademikok baino gehiagok ‘Armen berrindustrializazioa ez da bidea 'manifestua sinatu dute, salatzeko aberrazio hutsa dela Euskal Herriko ekonomiaren elementu eragile gisa arma-sektorearen alde egitea.

Mundu mailako egoera inoiz baino larriagoa dela salatu dute eta horregatik uste dute eredu sozioekonomiko berri baten alde egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela. Testuinguru horretan, ekologia eta garapen jasangarria oinarri, Euskal Herriko ekoizpen sarea sakonetik eraldatzeko beharra dagoela nabarmendu dute  Horrez gain, kezkaz begiratzen diote Euskal Herriko erakundeek hartutako bideari eta galdetu dute ea armagintza industria izango ote den gure industria estrategiaren ardatza. Izan ere, sinatzaileen arabera, "gerrarako industriaren alde" egitea ez da aukera bat.

Uste dute garapen ekonomikoa "sekuritizazioan" oinarritzeak "potentzia geopolitiko handien boterea mantentzea eta planetaren baliabide naturalak xahutzen jarraitzea" ekarriko duela, eta horrek, gainera, beste hainbat alorretan izango duela eragina. Besteak beste, industria militarra bultzatzeak, "gastu soziala murriztea" eragingo duela azpimarratu dute manifestuan. 

Hala, Gizarte osoari, eta bereziki erantzukizun politiko, instituzional, ekonomiko, sindikal eta sozialak dituztenei, hausnarketarako deia egin diete.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista