Forentseak berretsi du Amaya Zabarteren zauriak bateragarriak direla foam jaurtigai baten inpaktuarekin
Politika
Ane Garitaonandia
Amaya Zabartek, Ertzaintzak zauritutako 44 urteko gipuzkoarrak, apirilaren 7an deklaratu du epailearen aurrean, Ertzaintzak hura zauritu eta 13 hilabeteren ostean. Gertaera 2024ko martxoaren 5ean izan zen, Reala eta Paris Saint Germain futbol taldearen arteko partida baten atarian izandako istiluetan.
Hamar minutuz, gutxi gorabehera, deklaratu ondoren, Joseba Novoak, Zabarteren senarrak, hedabideen aurrean adierazi duenez, "13 hilabete geroago, azkenean, Amayari deklarazioa hartu diote", eta "esan du lasai geratzen dela emateak egun hartan bizi izandakoa kontatu ahal izan duelako".
Realaren partida baten atarian, foam jaurtigai batek jo zuen, eta lurrean zegoela, ertzain batek ostikoa eman zion. Urtebete pasatxo behar izan dute agentea identifikatzeko eta bideo bati esker egin dute.Ertzain horrek ukatu egin du ostikoa nahita eman zionik, haren itzetan, estropezu egin zuen, eta nahi gabe jo zuen emakumearen burua.
Familiak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer egin auzia argitzeko.
Iker Sarriegi abokatuak azaldu duenez, oraingoz "ez dago inor inputatuta" pilotakadagatik. Agente batek ere ez du deklaratu epaitegian, "ez lekuko gisa, ez inputatu gisa". Foam pilota nork jaurti zuen ere ez dakitela salatu du, eta gaineratu du Ertzaintzak ukatu egiten duela hori. Horrekin batera, Sarregi abokatuak adierazi du auzitegiko medikuaren txostenaren arabera Zabarteren lesioak "guztiz bateragarriak" dira foam pilota baten inpaktuarekin