Zuzeneko musikarekin ospatu dute asteburuan Musika Zuzenean festa
Kultura
Ane Urkola Agirrezabala
2017tik Euskal Herriko musika eszenaren eta disko berrien erakusleiho izan da Hamaika Telebistako saioa, eta Ainhoa Jauregi Hamaikaren zuzendariak nabarmendu du apustu horri eutsiko diotela datozen urteetan ere.
350 elkarrizketa baino gehiago egin ditu Koldo Otamendi saioaren aurkezleak, eta urte hauetan guztietan egindakoaren lagin bat ikusteko aukera izan da Bira Kulturguneko ekitaldian. Horrez gain, aro berri honetako kareta eta sintonia ere aurkeztu dira eta festa borobiltzeko, Gailu talderen zuzenekoa eta Rude Kids binilo selektoreen reggae pintxadaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.
Denboraldi berria 300. saioarekin hasiko da datorren ostegunean, eta hortik aurrera, ostegunero izango da Musika Zuzenean saioa, gaueko 22:00etik aurrera, Hamaikaren platorma guztietan.