Skip to main content

Bretoieraren alde korrika egingo dute Lannionen hasitako Ar Redadeg ekimenean

Kultura

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 08 - 16:05

Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketaren hamargarren edizioa ostiral honetan hasi da Lannionen, eta datorren maiatzaren 16an emango diote amaiera Nantesen. Bretainia osoa zeharkatuko dute ekimen honen bidez, eta guztira 2.226 kilometroko ibilbidea osatuko dute. 2008an sortutako egitasmo hau Korrikaren ereduan oinarrituta, kilometroak salgai jartzen dituzte erakundeek zein norbanakoek eros ditzaten, eta lekukoa eskuz esku eramaten dute kilometroz kilometro. Salmentatik bildutako diruaren erdia Diwan bretoierazko eskola-sareari bideratuko diote, eta beste erdia bretoierazko aisialdia sustatzeko ekimenak finantzatzeko erabiliko da.
Era berean, larunbat honetan La Passem okzitanieraren aldeko lasterketa Angelun amaituko da. Hori dela eta, gaskoierazko ekoizleen azoka, hitzaldiak, zinema emanaldiak, musika eta erakusketak antolatu dituzte herrian. Bi ekimen hauetan Korrikako delegazioak izango dira parte hartzen. Alde batetik, La Passem lasterketan, maiatzaren 9an 2.084. kilometroan hartuko dute lekukoa Baionan, eta 2.106. kilometroan Angelun izango dira, gainontzeko hizkuntza gutxiagotuen ordezkariekin batera parte hartzeko. Bestetik, hilaren 16an, Ar Redadegeko lekukoa hartuko dute Dognesen, 2.155. kilometroan, eta Nantesen ere izango dira 2.224. kilometroan, Korrika Ahizpekin batera azken txanpan lekukoa eramateko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista