Vocento eta Iberdrolaren 13 kaleratze salatu dituzte
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Konekta BTO telemarketin enpresako langileek salatu dute enpresa ezkutuko Enplegu Erregulazio Espediente bat egiten ari dela. ELA, LAB eta CCO sindikatutik adierazi dutenez, Vocento eta Iberdrola dira enpresaren bezero nagusiak, eta azken bi hilabeteetan guztira 13 pertsona kaleratu dituzte: Vocentok 7 eta Iberdrolak 6. Haien esanetan, “kaleratutako langileak lantoki berean birkokatu ditzakete, bezeroei arreta ematen eta deiak jasotzen jarraitzen baitute”.
Langileen arabera, Iberdrolak diziplina-arrazoiak argudiatu eta aldi baterako ezintasun-egoeran zeuden langileak kaleratu ditu. Vocentoren kasuan, berriz, kaleratzeak “lan-bolumenaren murrizketarekin” justifikatu ditu. Gainera, adierazi dutenez, Konecta BTO enpresak enplegua suntsitzen jarraitzeko mehatxua egiten du, Vocentok hala eskatuta, zerbitzua %20 murriztu nahi baitu.
Hala, Konekta BTOk, Vocentok eta Iberdrolak langileen eskubideekiko “erabateko mespretxua” erakusten dutela salatu dute, eta beren erantzukizuna beren gain har dezatela eskatu diete, langile guztientzako enplegu duina eta egonkorra bermatuz.

















