Skip to main content

Urriaren 12an ‘Iruñeko Arrozak’: jai, elkartasun eta aldarrikapen topaketa egingo da

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, eka. 22 - 15:06

Txantreako Jaki Toki kolektiboak proposatutako ‘Txantreako Arrozak’ ekimenari jarraituz datorren urriaren 12ko ‘Iruñeko Arrozak’ jai, elkartasun eta aldarrikapen topaketa aurkeztu zuten pasa den larunbatean Txantrean bertan.

Iruñeko Arrozak kolektibotik azaldu dute telebista bidezko genozidioen, ustiapen neokolonialak eta gerrek behartutako migrazio-fluxuen, kolapso ekologikoaren, pobretze orokortuaren, indibidualismoaren, komunitate-loturen galeraren eta feminismoari kontra egiteko berrarmatzen ari diren matxismoaren eta LGTBIQ fobiaren garaiotan gaudela.

Testuinguru horretan, eskuin muturrak “iraganera eraman nahi gaituela” adierazi du kolektiboak, hau da, egunez egun ikusten dela sektore horretatik migratzaile zein arrazilizatuekiko gorroto-diskurtsoak sustatzen direla eta jatorri desberdineko pertsonen artean beldurra ala mesfidantza modu interesatuan hedatzen ari direla.

Kolektiboak hiru aldarrikapen egin ditu egun dagoen egoerari aurre egiteko. Hasteko, “erresistentziaren hiriburu gisa” aldarrikatu nahi dute Iruñea, eta guztion artean “mila kolore eta zaporeko harresi handia eraiki” nahi dute “faxismoaren, kolonialismoaren eta arrazakeriaren aurrean.” Bestetik, “guztiontzako aberastasuna, eskubideak eta bizitza duinak banatzea” aldarrikatzen dituzte. Eta azkenik, urriaren 12a “beheko eta ezkerreko langileen egun handia izan” daitekeela azaldu dute, agerian utzi nahi baitute Iruñea “solidarioa eta antifaxista, arrazakeriaren aurkakoa eta feminista, antiinperialista eta antikoloniala” dela eta herrien subiranotasunaren aldeko apustua egiten duela.

Gainera, hiri osoa gonbidatzen dute prestatzen ari diren arroz festan parte hartzera. Beste behin ere, “elkartasun eta antolaketa eredu izango baita Iruñea.”

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista