Skip to main content

Sadarreko kargak gaitzetsi ditu Iruñeko Udalak

Gizartea

Leire Llano eta Gaizka Leitza

2026, ots. 24 - 13:02

Iruñeko Udalak larunbatean Sadar futbol zelaian izandako Espainiako poliziaren kargak gaitzetsi ditu astelehen honetan. “Errespetu, bizikidetza eta segurtasun giroa sustatzeko konpromisoa” berretsi du Udalak eta ikerketa zabaltzeko eskatu du . Tokiko gobernu-batzarra zaleen artean eragindako haserrera batu da ere. Mikel Zabaleta EH Bilduko parlamentariak ere “oso larritzat” jo ditu gertakariok. Geroa Bairi dagokionez, Pablo Azcona taldearen Nafarroako parlamentuko bozeramaileak adierazi du ikusitako irudiak “kezkagarriak” direla eta “neurrigabea” izan dela poliziaren jokaera; ikerketa martxan jar dezaten ere exijitu du. Bestalde, Indar Gorri Osasunako zaleen taldeak argitaratutako oharrean adierazi du “gure balioak defendatzen jarraituko” dutela “tokatzen den tokian, gure lehen etsaia nor den oso argi edukita” eta kideak eta jarraitzaileak hurrengo mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Pasa den larunbatean, Osasuna eta Real Madrilen arteko partidua amaitzean, Espainiako Polizia ikusleen aurka oldartu zen. Aurretik istilua gertatu zen, zaleetako batek ur botila bat bota zuelako zelaira. Poliziak zale bat identifikatu zuen Indar Gorriren harmailan eta horren ostean egin zituzten kargak. Zale bat ospitaleratu zuten honen ondorioz; bi pertsona ere atxilotu zituzten, nahiz eta horietako bat aske utzi duten jada. Zauritu gehiago ere izan dira gertakari hauen harira.
Hau ez da kasu isolatua izan, Indar Gorriko kideek azken urteetan “jazarpena” jasan izan dutela salatu dute, Espainiako Poliziaren eta Osasunako zuzendaritzaren aldetik. Taldeak dioen bezala ,"hau ez zen atzo hasi, eta ez da bihar bukatuko".

Euskal komunitatea elkartzeko, Korrika bultzatu eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista