Pantailak Euskarazek ETB3 ez ixteko sinadura bilketa abiatu du
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Pantailak Euskarazek ETB3 ez ixteko sinadura bilketa abiatu du asteazken honetan. ‘ETB3 Ez Itxi!’ lelopean jarri dute martxan ekimena, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri haurrentzako euskarazko kate unibertsala berma dezatela eskatzeko.
Pantailak Euskarazek argitaratutako oharrean adierazi duenez, 2025eko abenduko Eustaten datuen arabera, “Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen ia %40k ez du Smart TVrik”, eta “merkatuan dauden telebista adimendunen %20 inguru ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin”. Hala, salatu dute ETB3ren desagerpenak Euskal Herriko familien erdia “haurrentzako euskarazko katerik gabe” utz dezakeela.
Horren aurrean, ekimenak EITBri eskatu dio ETB3 haur-katea ixteko erabakian atzera egin dezala. Era berean, bere sorrera legean jasotako euskararen normalizaziorako helburuari “lotu dadila” galdegin dio, Euskal Herriko etxe guztietara haurrentzako edukiak modu unibertsalean eta egun osoan iritsiko direla bermatuz.

