OPA Gasteizek Etengabeko Arreta Guneetako langile falta salatu du
Gizartea
Ane Garitaonandia
Osasun Publikoaren Alde Gasteiz plataformak Olagibeleko eta San Martineneko osasun zentroetan errendimendu osoko Etengabeko Arreta Guneak eskatu dituzte. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean Gasteizen eta bertan zerbitzuetan langile falta zegoela salatu zuten eta azkenaldian hartutako neurriak ez direla nahikoak. Horrela, agintariei leporatu zieten eskaintzen den asistentzia hobetu beharrean pertzepzioa hobetu nahi izatea.
Olagibeleko anbulatorioko Etengabeko Arrena Gunea otsailaren 1ean ireki zuten berriro, baina ez duela behar bezala funtzionatu adierazi dute, izan ere, asteburuetan bakarrik omen dute zabaltzen eta langileak anbulatorioan dauden berdinak dira. Esandakoaren arabera, horrek zerbitzuek plantilla osorik ez izatea eragiten du, langileak erdi eta erdi banatzen baitituzte. Horregatik, OPA Gasteiz plataformak urtean 365 egunez eta horretarako behar diren langile guztiekin zabaldu ditzatela aldarrikatu du.
Antzera gertatuko dela adierazi dute, martxoaren 31an zabaltzekoak diren Santiagoko ospitaleko larrialdi zerbitzuekin. 3 urtez zerbitzua itxita egon ostean berriro irekiko dute eta plataformaren aburuz, ez dute langile kopurua areagotuko. Bestalde, Santiago ospitaletik espezialitateak kendu eta behar izatekotan kontsultak telefonoz egingo dituztela salatu dute.
Hiru urtez larrialdi zerbitzuak bakarrik beste toki batzuetatik ekarritako pazienteak, 112ak bideratutakoak eta oftalmologia, psikiatria eta paziente bereziki delikatuak artatu dituzte. Apiriletik aurrera berriz, euren kabuz doazenak ere artatuko dituzte.

