Skip to main content

NATOren eta “gerra inperialistaren” aurkako manifestazioa burutu dute Iruñean

Gizartea

Leire Llano

2026, mar. 16 - 14:03

Pasa den larunbatean ‘NATO EZ! Gora Euskal Herria internazionalista eta antiinperialista’ lelopean manifestazioa burutu dute Iruñean. Antolatzaileen arabera, 500 bat pertsona bildu ziren Nafarroako hiriburuko kaleetan.

Martxoaren 12an 40 urte bete dira Espainiar Estatua NATOn sartzearen inguruko erreferenduma egin zutela eta Hego Euskal Herrian “erakunde kriminalari” ezezkoaren alde egin zuten herritarrek. Urteurrenaren testuinguruan NATOren aurkako aldarria inoiz baino beharrezkoagoa dela azaldu dute antolatzaileek eta dei egin dute orduko antolakuntza zein borroka maila “antiinperialista” berreraikitzera.

Manifestazioa bukatzean antolakuntzako kideek adierazpenak eman dituzte eta adierazi dute “ziurgabetasun, ezegonkortasun eta indarkeria testuinguruan gaudela”. “Inperialismoa bere hegemoniari eusteko, eta hedatzeko borrokan murgilduta dago, kapital estatubatuarra buru duela eta aliatuak ondoan dituela, Europar Batasuna eta NATO beso armatua” azaldu dute.

Azkenik, antolakuntzatik uste dute “ezinbestekoa dela estatu espainoleko, frantseseko eta Europar Batasuneko aparatu politiko, ideologiko, errepresibo, estraktibista eta belizista guztiak suntsitzea, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialerako”.

Euskal komunitatea elkartzeko, Korrika bultzatu eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista