Mobilizazioa egin dute Donostian Kaleko Afari Solidarioen debekuaren aurrean
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Kaleko Afari Solidarioak ekimena mobilizatu egin da Donostiako Udalak ezarritako debekuaren aurrean. Asteazken arratsaldean, sukaldeko tresnak eskura, Donostiako kaleetan barrena abiatu dira, eta Udaletxe plazan afari kolektiboa egin dute alkatearen erabakia salatzeko.
Jon Insausti alkateak asteartean emandako prentsaurrekoan adierazi zuen erabakia udaleko txostenetan eta Udaltzaingoaren datuetan oinarrituta hartu duela. Haren esanetan, datuek erakusten dute afari solidarioak egiten diren guneetan delinkuentziak gora egin duela.
Kaleko Afari Solidarioak ekimenak, ordea, adierazpen horiek kritikatu ditu. Haien esanetan, alkateak afari solidarioak delinkuentziarekin lotu ditu, eta horrek egoera zaurgarrian dauden pertsonengan estigma, beldurra eta gorrotoa sustatzen ditu. Gainera, salatu dute Udalak ez duela alternatiba bateraturik bilatzeko borondaterik erakutsi, eta horrek boluntarioen lana kriminalizatu eta gutxiesten duela.
Horregatik, debekua berehala kentzea eskatu diote, inor bazterrean utziko ez duen benetako eta bideragarria den alternatiba martxan jarri arte. Era berean, gogorarazi dute ostegun honetan bilduko direla alkatearekin, eta nabarmendu dute “aukera bikaina” izango dela elkarlanerako benetako borondatea dagoen erakusteko.

















