Mitika diskoteka zigortzeko prozedura hasi du Gasteizko Udalak
Gizartea
Ane Garitaonandia
Gasteizko Udalak Mitika diskoteka zigortzeko prozedura martxan jarri du. Dantzalekua kudeatzen zuten enpresen inguruan idatzitako txostenak bildu eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko ditu udalak. Hala adierazi du Cesar Fernandez de Landa Udal zinegotziak asteazkeneko Segurtasun Batzordean. Bertan, hildako gaztearen gurasoek hitza hartu eta udalak diskotekaren jabeari eta segurtasun langileak kudeatzen dituen enpresari zigor administratiboak jartzeko eskatu dute.
Gaineratu dute, ziur daudela diskotekak ez zituela segurtasun neurriak betetzen. Eta, Gasteizko Udaltzaingoaren hiru atestatutan oinarrituta, jakinarazi dute dantzalekura sartzeko eskubidea oker aplikatzen zutela. Are gehiago, enpresak eta udalak jokabide horiek ezagutu eta baimentzen zituztela. Bestalde, gurasoek udalaren jarrera dela eta haserre daudela argi utzi nahi izan dute. Azaldu dutenez, udalak utzikeriaz jardun eta justizia oztopatu du. Hori dela eta, Gasteizko Udalari, orain arte egindako guztia publikoki onartzeko exijitu diote.
Ezbeharra otsailean eman zen. Bertan egon ziren lekukoen arabera, ustez, atezainak emandako kolpe baten ondorioz hil zen gaztea. Gaur-gaurkoz, segurtasun langilea preso dago Zaballako espetxean, eta epaileak giza hilketa eta hilketa delituak egozten dizkio.