Milaka euskaltzalek ‘Euskaraz bizitzeko behar den dena’ eskatu dute Iruñean
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa izan da Iruñean larunbat honetan, 'Euskaraz bizitzeko behar den dena' lelopean. Milaka euskaltzalez osatutako hiru zutabek zeharkatu dituzte Iruñeko kaleak, Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxarekin bat eginez. Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik abiatu dira, Gazteluko Plazan bat egiteraino. Bertan egin da ekitaldi nagusia Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzartze nagusiarekin eta kalejira erraldoi batekin.
Askatasunaren enparantzatik atera den zutabearen txupinazoa eta pregoia euskal sortzaileek egin dute, Antoniutti parkekoa Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko kideek eta Runa parkekoa Azterketak Euskarazeko lagunek.
Euskal eduki sortzaileek azaldu dute edukia euskal hizkuntzan sortzen duen pertsona bakoitzak atea irekitzen diola beste bati. Eta agian “bideo, meme edo podcast horrek norbaiti euskaraz bizitzeko hautua egiteko ausardia emango diola.” Aldatuz Batuko kideek azpimarratu dute “guztion altxamendua dela hau” eta horregatik, “norabide berean eta elkarren osagarri jardungo duen lidergo instituzional ausarta behar dela.” Azkenik, Azterketak Euskarazeko lagunek baxoa euskaraz egitea aldarrikatu dute.
Gazteluko plazako amaiera ekitaldian Eskisabelek adierazi du “larrialdi linguistikoan” jarraitzen duela euskarak eta “larrialdi linguistikoan euskal hiztun komunitateak.” Euskararen etorkizuna “jokoan dago” eta horregatik elkartu gara Iruñean: “euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko, euskaraz behar den dena eratzen hasteko.” Honengatik gizarte erronka zehatza proposatu du Kontseiluak: 10 urtean 300.000 hiztun irabaztea.

















