Labrazako parke eolikoaren lanak geldiarazi dituzte 5 ekintzailek
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin
Astelehen honetan Labrazan, Bost ekintzaile kateatu ziren, Aixeindar enpresa eraikitzen ari den makrozentral eolikoaren lanak geldiaraziz.
Goizeko hamar eta erdiak aldera, haize-sorgailuetako baten oinarria izango den plataformara kateatu ziren, lurraren aldeko aldarriak eginez. Langileei ekintza baketsua izango zela azaldu zieten, eta hauek lan eremutik lasai atera ziren.
Handik gutxira, Ertzaintzaren hainbat patruila iritsi ziren, Agenteek kateak moztu behar izan dituzte ekintzaileak askatzeko. haietako lau atxilotuta eraman zituzten. Azkena gaueko bederatzi eta erdiak aldera utzi zuten aske.
Protestaren bidez, ekintzaileek salatu dute makroproiektuak ingurune naturala suntsitzeaz gain, Labraza bezalako herri txikien aurkako «inposaketa ankerra» direla. Haien esanetan, lurraren defentsak erantzun aktiboa eta desobedientzia ekintzak ere behar ditu.
EH Bizirik sareak elkartasuna adierazi die ekintzaileei eta Ertzaintzaren atxiloketak gaitzetsi ditu. Gainera, maiatzaren 23an Gasteizen deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Labrazako proiektuak zortzi haize-sorgailu izango ditu, bakoitza 200 metro ingurukoa, eta guztira 40 megawatt-eko potentzia izango du. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Aixeindar da proiektuaren arduraduna.
Proiektuaren aurkako helegitea epaitegietan badago ere eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute

















