Skip to main content

La Sirena aterpetxea harrera eta gizarteratze zentro bihurtuko dute

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, ots. 17 - 12:02

Donostiako La Sirena aterpetxea harrera eta gizarteratze zentro gisa irekiko dute urte osoan zehar. Udalak astelehen honetan adierazi duenez, “azken asteotan izandako hustuketek eragindako bizitegi-larrialdiari aurre egiteko” hartu dute neurria.
Martuteneko agustindarren eraikina hustu ondoren, 50 pertsona hartu zituen behin-behinean aterpetxeak; hasiera batean, neurriak martxora arte irautea aurreikusi zuten. Baina, adierazi dutenez, azken hilabeteko Herrerako pabiloiaren desalojoak “agerian utzi du harrera- eta gizarteratze-baliabideak indartu beharra dagoela”.
Egoera honen aurrean, Donostiako Harrera Sareak, besteak beste, hainbatetan eskatu dio udalari La Sirena urte osoan irekitzeko eta honen egoera hobetzeko. Orain, Udalak hala egin du, aterpetxea “modu egonkorrean Gizarte Zerbitzuen sareko zentro bihurtzeko” erabakia hartuz.
Hala ere, Harrera Sareak argitaratutako ohar batean ere salatu zuen “ez zaiela onargarria iruditzen Udalak honen aurrean soilik 40 plaza dituen aterpetxea izatea baliabide bakarra”. Zentzu horretan, Jon Insausti Donostiako alkateak ohartarazi du errealitateak euren “gaitasuna gainditzen duela”, eta “egoerari aurre egiteko beste erakundeen laguntza ere beharrezkoa” dela.

Euskal komunitatea elkartzeko, Korrika bultzatu eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista