Skip to main content

Kale egoeran bizi zen gazte bat hil da Donostian

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, eka. 26 - 13:06

Donostian kale egoeran bizi zen gazte bat hil dela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Sindikatuaren arabera, ikasturte honetan gertatutako laugarren heriotza da, eta horren erantzukizuna etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresariei eta instituzio publikoei egotzi diete.

Azaldu dutenez, 23 urteko gaztea asteazken goizean hil zen hiriko erdigunean. Gainera, ohartarazi dute gaur egun 500 pertsona inguru bizi direla kale egoeran Donostian, eta kopuru hori handitzen ari dela bizi baldintzen okertzearen ondorioz.
Sindikatuak salatu du administrazioek irabazi ekonomikoak herritarren oinarrizko beharren gainetik jartzen dituztela. Horren adibide gisa aipatu dute La Sirena aterpetxea: haien esanetan, “kalean pertsonak hiltzen ari diren bitartean, plazak hutsik mantentzen dira”.

Era berean, EAJri eta Donostiako alkateari pobrezia kriminalizatzea leporatu diete, eta nabarmendu dute ez dela desagertuko arazoa sortzen duten kausak konpondu ezean. Hala, adierazi dute kalean bizi diren pertsonen kopuruaren eta heriotzen gorakada “sistemaren porrotaren ondorioa” dela.
Horregatik, kalitatezko bizi baldintzen alde eta etxegabetze guztien aurka mobilizatzeko deia egin dute. Manifestazioa egingo dute larunbat honetan, eguerdiko hamabietan, Donostiako Bulebarrean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista