Skip to main content

Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoako berezitasun bat euskaraz egin ahal izango dute 2028tik aurrera

Gizartea

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 25 - 14:05

Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak OuestFrance egunkarian adierazi duenez, Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoako azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izango dute 2028tik aurrera, hezkuntza elebidunari “legezko marko egonkorra” eskainiz.

Neurri honen asmoa joan den ostegunean jakinarazi zien Geffrayk Peio Dufau eta Paul Molac diputatuei, eta igande honetan eman ditu argitara xehetasun gehiago. Arautegi berriaren arabera, ikasleek gai bakarra hautatu ahal izango dute euskaraz jarduteko, gainerakoak frantsesez osatu beharko dituztelarik; azterketa guztiak gaindituz gero, ordea, baxoko diplomak zehaztuko du programa elebiduna osatu dutela.

Erabaki hau Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek matematikako baxoa euskaraz egiteko eta hizkuntza gutxituen bidezko azterketak bermatzeko eskubidea aldarrikatu eta aste gutxitara dator. Hezkuntza ministroak auzia behin betiko bideratzeko neurria iragarri badu ere, xedapenak ez die aurtengo ikasleei eragingo; datorren irailetik aurrera batxilergoa egingo dutenek, ordea, marko arautzaile berri honetan burutu ahal izango dituzte beren ikasketak.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista