Ikasle gehienek gainditu dute unibertsitatera sartzeko hautaproba, baina batez besteko nota jaitsi egin da
Gizartea
Ane Garitaonandia
Araban Bizkaian eta Gipuzkoan unibertsitatera sartzeko hautaproba %96,74k gainditu dute. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ohar bidez jakinarazi duenez, Batxilergoko 12.297 ikasletik 11.896k gainditu dute proba. Ikasle guztietatik, 9.621ek euskaraz egin zuten azterketa (9.400k gainditu dute, hau da, % 97,7), eta 2.669k gaztelaniaz (2491ek gainditu dute, % 93,3, alegia). Iaz Euskal Autonomia Erkidegoan lehen deialdiko ikasleen batez besteko nota 7,1 izan zen. Aurtengo datuak kontuan hartuta, ordea, beherakada igarri da. Batez bestekoa 6,7 da, 4 hamarren behera eginda. Nafarroan, puntu erdi jaitsi da gainditutakoen portzentajea, ia % 98k gainditu dute azterketa.
Ipar Euskal Herrian, baxoa (Frantziako unibertsitaterako sarrera azterketa) ostiralean hasiko dute ikasleek frantsesezko proba idatziarekin. Bordeleko Hezkuntza Akademiaren arabera, 7.013 ikaslek hartuko dute parte aurtengo deialdian.Ekainaren 13an frantsesezko proba egingo dute ikasleek eta, ekainaren 16an, berriz filosofiako azterketa. Berezitasunei egotziriko probak ekainaren 17, 18 eta 19an izango dira eta ekainaren 26tik uztailaren 2ra Ahozkoa.