Skip to main content

Hasi da Maialen Mazonen hilketaren epaiketa, 2023an hotel batean hilik aurkitutako emakumearen auzia

Gizartea

Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, Maiatza 04 - 12:05

Astelehen honetan hasi da Maialen Mazonen hilketaren epaiketa, eta hilaren 15era arte luzatuko da. Mazon 2023ko maiatzean erail zuten Gasteizko hotel batean; indarkeria zantzuak zituen, eta haren hiru urteko haurra ere bertan zegoen. Biktimaren bikotekidea hurrengo egunean atxilotu zuten, Zaragozan, taxi batean ihes egiten saiatzen ari zela. Mazon hil zutenean haurdun zegoen.

 
Fiskaltzak 45 urteko espetxe-zigorra eskatu du; 25 urte “azpikeriaz eta ankerkeriaz” egindako hilketagatik, 16 urte bi abortu delituengatik eta beste lau urte adingabe baten abandonuagatik.

Hilketak oihartzun handia eragin zuen, basakeriagatik eta segurtasun indarren kudeaketagatik. Izan ere, gizonak urruntze agindua zuen, eta Ertzaintzak 2023ko urtarriletik bazekien. Hori gutxi ez eta Kataluniako epaitegi batek “muturreko arriskuko” babesa ezarri ziola ere bazekiten. Zehazki Espainiako VioGen sisteman hala agertzen zen arren, Ertzaintzak “arrisku baxura” jaitsi zuen kalifikazioa.

Dena den, segurtasun indarrek ez zuten atxilotu, ezta emakumea babesteko neurri “berezirik” agindu ere. Orduan Josu Erkorekak, garaiko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, azaldu zuen emakumeak adierazi ziela ez zuela bere burua “arriskuan” ikusten eta horregatik ez zutela bestelako neurririk hartu.

Hilketa gertatu zenean gizonak urruntze agindua zuen, eta Ertzaintzak 2023ko urtarriletik bazekien. Honek guztiak eztabaida piztu zuen indarkeria matxista pairatzen duten emakumeenganako babes neurrien inguruan. Hain zuzen, urte horretan bertan Ertzaintzak Araban urruntze aginduak betetzen ez zituztenak atxilotzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta biktimak neurria urratzeko baimena eman.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista