Hamasei alokairuren gainprezioa ikertzen ari dira Nafarroan
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin
Nafarroako Gobernuak espedientea ireki die alokairuaren prezio-muga gainditzen ari diren hamasei etxebizitzen jabeei. Lehen aldia da Nafarroan eremu tentsionatuetan alokairuaren gehiegizko prezioagatik espedientea irekitzen dena.
Hamasei etxebizitzak Nafarroako Merkatu Egoitza Tentsionatuko eremuetan daude: hamabi Iruñean eta Iruñerrian, bi Erriberan eta beste bi Erdialdean.
Gobernuak jakinarazi du etxebizitza horiek ezarritako erreferentzia-indizeak baino prezio handiagoan alokatuta daudela. Jabeek hamar egun izango dituzte indarrean dagoen alokairu-kontratua aurkezteko, eta, beharrezkoa bada, aurreko kontratua eta azken errentaren ordainketa egiaztatzeko agiria ere.
Gehiegizko prezioa justifikatzen ez badute, prozedurak aurrera egingo du. Zigortu aurretik, ordea, kontratua zuzentzeko eta bidegabe kobratutako diruaren aldea itzultzeko aukera izango dute.
Arau-haustea baieztatuz gero, 3.001 eta 30.000 euro arteko isunak ezar daitezke.
Ikuskapenak Nafarroako Alokairu Kontratuen Erregistroan, RECA izenekoan, jasotako kontratuen kontrol sistematikoaren bidez egin dira. Gaur egun, erregistroak 23.066 alokairu-kontratu aktibo ditu.
Nafarroan, guztira, 21 udalerri daude merkatu-egoitza tentsionatuko eremu izendatuta, eta bertan alokairuen prezioak mugatzeko erreferentzia-indizea aplikatzen da, legeak ezarritako baldintzetan.

















