Skip to main content

Greba feminista orokorrean auzipetutakoei jarritako zigorrak salatu dituzte

Gizartea

Leire Llano Ibarrola

2026, uzt. 17 - 12:07

Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformak elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Donostian, 2023ko greba feminista orokorrarengatik auzipetuei ezarritako zigorrak salatzeko. 2023ko azaroaren 30ko greba orokorrean, hainbat grebalari identifikatu zituzten, baita haietako batzuk atxilotu ere. Urtebete geroago, epailearen aurrean deklaratu zuten hiru kidek “desordena publikoa eragitea” egotzita. Sei hilabeteko espetxe zigorra jasotzeko edo akordio batera iritsiz gero 1.000 eurotik gorako isunak jasotzeko arriskua dute. Biak ala biak “zigor onartezinak” direla azpimarratu dute mugimendu feministako kideek.

Bestalde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur egungo zaintza eredua eraldatzeko mobilizazioa deitu du 2027ko apirilaren 27rako Bilbon. Salatu dute askotariko krisiak areagotzen ari direla, pobretze prozesu orokortua gertatzen ari dela, eta baita zerbitzu publikoen pribatizazioa ere. Gainera, nabarmendu dute faxismoaren eta jarrera autoritarioen gorakada gertatzen ari dela mundu osoan, eta nabarmendu dute Euskal Herrian ere nabarmena dela hori: beren esanetan, diskurtso misogino, arrazista eta klasistak indartzen ari dira, eta eskubide sozial eta kolektiboen aurkako erasoak zabaltzen. Hori horrela, Euskal Herriko eragile eta herritarrei dei egin diete 2027ko apirilaren 27an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista