Global Sumud Flotillako euskal herritarrak itzuliko dira
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Astelehen honetan iritsiko dira Bilbora Global Sumud Flotillan zihoazen beste lau euskal ekintzaile. Pasa den astean Israelgo armadak Palestinaren aldeko ontzidiko 22 itsasontzi atzeman eta saboteatu zituen eta bertan zihoazen 175 ekintzaile inguru bahitu zituen. Horien artean sei euskal herritar daude. Ana Ribacoba Global Sumud Euskal Herriko kideak azaldu du euskal herritarrek “oso bizipen gogorrak" jasan dituztela: "Nahiz eta haiek ez diren torturatuak eta kolpatuak izan, flotillako beste kide batzuei emandako kolpeak ikusi dituzte eta torturatuen oihuak ere entzun dituzte".
Larunbat gauean Arantza eta Bego ekintzaileak iritsi ziren Bilboko Loiu aireportura eta astelehen honetan beste lau iritsiko dira: Adur, Lander, Salim eta Patxi. Gainontzeko ekintzaileek Kretan, Grezian, jarraituko dute flotilla berrantolatzen. Ribacobak adierazi du "Palestinaren aldeko borroka ez dela amaituko ekintzaileak bahituta".
Thiago de Avila eta Saif Abukeshek ekintzaileak eta flotillako arduradunak bahitu, espetxeratu eta torturatu egin dituzte eta Gazako lurralde okupatuetan Israelek eraiki duen Shikma espetxean dituzte gatibu. Torturak jasan dituzte eta "oso bortizki” kolpatu dituzte, Global Sumud Flotillak jakinarazitakoaren arabera. Hori salatzeko, Abukeshekek eta Ávila gose greba egiten ari dira, pairatutako torturak salatzeko eta askatu ditzaten exijitzeko. Pasa den igande goizean epaitegian deklaratu zuten eta momentuz beste bi egun pasako dituzte espetxean erakunde terrorista bateko kide izatea egotzita. Flotillako kideak bereziki kezkatuta daude Abukesheken egoeragatik, Espainiako eta Suediako pasaportea badu ere, jatorri palestinarra duelako.

















