Gernikako gaztetxea desalojatzeko prozesua martxan dago
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Gernikako Udalak gaztetxearen egoeraren berri eman du astearte honetan. Haren hitzetan, “onartezina da” Gernika-Lumo osoarentzat den proiektu publiko baten garapena “okupazio batek” eragotzi ahal izatea, eta eraikina desalojatzeko prozesua martxan dagoela adierazi du.
Pasa den astelehenean, gune autogestionatuko eraikinean obrak egiteko ardura duen enpresaren etorrera aurreikusita zegoen, baina, azkenean, ez zen bertaratu. Horren aurrean, gazteek eserialdia egin zuten udaletxean. Oraingoz, gaztetxearen jarduerarekin “jarraitzeko bermerik” jaso ez dutenez, espazioa defendatzea erabaki dute.
Udalak, bestalde, adierazi du orain arteko elkarrizketetan hainbat aukera proposatu dituztela akordioa lortzeko, baina gaztetxekoek baztertu egin dituztela. Haren esanetan, “hasierako eskaerak eskakizun bihurtu dira denborarekin”.
Egoeraren aurrean, Egurre Gazte Asanbladako kideek bilera egingo dute arratsalde honetan, gune autogestionatua defendatzeko eta espazioaren jarduerari eusteko bideak aztertzeko.

















