Skip to main content

Gernikako Batzar Etxeak harrera egin die euskal diasporako gazteei

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, uzt. 07 - 14:07

Gernikako Batzar Etxean harrera egin diete Gaztemunduri Ateak Ireki egitasmoan parte hartzen ari diren diasporako 50 gazteei. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eman die ongietorria astearte honetan.

Batzen kultura elkarteak Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean antolatutako egitasmoa da Ateak Ireki. Haren bidez, Euskal Herritik kanpo bizi diren gazteek hiru asteko egonaldia egiten dute harrera-familietan, euskal hizkuntza, kultura eta ohiturak gertutik ezagutzeko. Euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko loturak sendotzea eta gazte horiek euskal komunitateko kide aktibo bihurtzea du helburu egitasmoak.

Aurten, lehen aldiz Busturialdea-Urdaibai eskualdeak hartuko ditu Australiatik, Argentinatik eta Uruguaitik etorritako gazteak. Izan ere, orain arte Goierri izan da egitasmoaren gune nagusia, Estatu Batuetako eta Kanadako gazteekin.

Foru Parlamentuan egindako harreraren ostean, Ana Otaduik eta Iñaki Goirizelaia egitasmoaren zuzendariak Batzar Etxeko areto nagusiak eta eraikina erakutsi dizkiete gazteei eraikinaren balio historikoa eta sinbolikoa gertutik ezagutzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista