Gasteiz Antirrazistak Ertzaintzak Salburuako futbol txapelketa batean izandako jarrera salatu du
Gizartea
Ane Garitaonandia
Gasteiz Antirrazista plataformak Salburuako auzoan futbol txapelketa batean Ertzaintzak izandako jarrera salatu du. Gertakariak igandean eman ziren, gaueko zortzi eta erdiak aldera, 50 ertzaina inguru, agertu eta futbol zelaia hustu zuten. Plataformak esandakoaren arabera gazte arrazializatuei miaketak eta atxikipen selektiboak egin zizkieten, nahiz eta azpimarratu nahi izan duten ez zela inolako istilurik egon Ertzaintzak egindako operazioa justifika dezakeenik. Haien hitzetan, honek guztiak, ez du lekurik demokratikoa eta berdintasunezkoa dela dioen gizarte batean. Izan ere, Gasteiz Antirrazistak praktika horiek pertsona arrazializatuengan duten eragina nabarmendu du, besteak beste, beldur eta larderia giroa sortzen baitute. Horrelakorik berriro gerta ez dadin, plataformako kideek gertatutakoa zorrotz ikertu eta Ertzaintzari erantzukizunak eskatzen dizkiote.
Kande BX izan da futbol torneo honen antolatzailea. Bere sare sozialen bitartez azaldu du gertatutakoa eta agerian utzi du gehiegizkoa iruditu zitzaiola Ertzainaren esku hartzea. Ertzaintzak, bere aldetik, gertatukoaren inguruko bere bertsioa eman du. Diotenez, gazte banden deialdi baten alde jardun zuten, prebentzio dispositibo bat antolatzen, nahiz eta futbol partiduan parte hartu zutenek hori ukatu egiten duten. Hain zuzen, azken urteetan instituzioek ziurtatu dute Gasteizen ez direla gazte bandak existitzen. Salburua Burunbide auzo elkarteak bizitako jazarpen arrazista irmoki salatu du eta ostiralean argazki kolektibo baterako deialdia luzatu du