Feminismoa landu dute 'Deskodifikatu' podkastaren bigarren saioan
Gizartea
Ane Garitaonandia
'Deskodifikatu' podcastaren bigarren saioa sustatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira emakume ezberdinak bildu dira nortasun feministaren inguruan hitz egitera. Bertan egon dira, Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Olatz Slavador, kantautore ezaguna, Alazne Apalantza, fisioterapeuta eta Tolosako Emeki Osasun eta Zaintza guneko arduraduna eta Maider Galardi, kazetari eta ikertzailea.
Fokua feminista izatean jarri dute, horretarako ikuspegi desberdinak landu dituzte eta eurek emakume moduan zelan bizi duten azaldu dute. Esaterako, Olatz Slavadorrek, feminismoa berdefinitzen jarraitzeko premia ikusten du. Feminismoa, Alazne Apaltzarentzat, bizitzeko modu bat da eta horrekin bat egin du Maider Galardik, gaineratuz harrotasun bat dela feminista izatea eta egunero horretan ekitean ezinbestekoa ikusten du.
Zaintzaren ikuspegia ere mahaigaineratu dute, izan ere, urte askotan zaintza lanak emakumeei bideratuta egon dira eta ez dira aitortuak egon. Egoera aldatzen ari dela baieztatu duten arren etorkizunari begira oraindik ere buelta bat ematea beharrezkoa ikusten dute. Eider Mendozak autozaintzaren garrantzia azpimarratu du.
Deskodifikatu podkastaren lehenengo saioa Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna zela eta egin zuten. Mahainguru horretan, fokua ingurune digitaletan emakumeen aurkako indarkerian eta berdintasunaren aurkako mezuek duten gorakadan jarri zuten. Gonbidatuak Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Eider Goiburu, sexu hezitzailea, emakume eta gizonen arteko berdintasun teknikaria eta pedagogian doktorea izan ziren.
Saio hauetan guztietan helburua indarkeria matxista bistaratu eta salatzea da, azken finean, indarkeria matxista deskodifikatu. Hortik dator podkastaren izena.

