Euskalgintzaren Kontseiluak 300.000 euskaldun berri lortu nahi ditu hamar urteko epean
Gizartea
Maria Blanco Martin
Euskalgintzaren Kontseiluak euskalduntze-erritmoa bikoiztea eta 2036rako 300.000 euskaldun berri lortzea ezarri du helburutzat. Hamarkada honetarako erronka estrategiko hori gizarteratzeko eta erakundeak inplikatzeko, 'Pizkunderako Erronka' lelopeko ekimena abiarazi dute.
Diotenez, Euskal Herrian urtero 15.000 euskaldun inguru sortzen diren arren, zifra hori ez da nahikoa euskarak bizi duen “atzeraldia” gainditzeko eta biziberritze-ziklo berri bati ekiteko. Kontseiluaren asmoa hazkunde-tasa hori bikoiztea da, betiere hiztun-komunitatearen erreprodukzioa sendotuz, erabilera-eremuak hedatzeko eta mundu garaikidearen erronkei gailenduz, euskarak bizirik iraun dezan baldintza sendo eta egonkorrak finkatzeko.
Kontseiluaren arabera, erronka “anbiziotsua” bezain “egingarria” da. Helburu hori lortzeko, bost ardatz nagusi proposatu dituzte, prozesuaren “integraltasuna” bermatuko dutenak: hezkuntza arautua, helduen euskalduntze zein alfabetatzea, hizkuntza-politiketara bideratutako baliabide ekonomikoak, euskararen arkitektura juridikoa eta, azkenik, euskaraz bizi ahal izateko baldintza material eta errealak egituratzea.
Azkenik, erakundeak ohartarazi du euskara eta euskal hiztun-komunitatea "larrialdi linguistiko" batean daudela; hortaz, “ezinbestekotzat” jotzen du biziberritze-prozesuan kalitatezko “jauzi” bat ematea. Kontseiluak antolatutako aurkezpen-ekitaldian, gainera, nazioarteko hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateen ordezkariek ere hartu dute parte, elkartasuna eta babesa adierazteko.

















