Skip to main content

Euskal selekzioaren alde kaleak hartu dituzte milaka euskal herritarrek igande honetan

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026, uzt. 20 - 13:07

Euskal selekzioaren aldeko mobilizazioak izan dira igande honetan Euskal Herriko hainbat txokotan. Izan ere, igande honetan jokatu dute Munduko Futbol Txapelketako finala Argentina eta Espainiako selekzioek, eta honen atarian milaka lagunek euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute.

Baionan, ehunka herritarrek euskal selekzioaren elastikoak jantzi dituzte eta Zizpa gaztetxeak deitutako manifestazioarekin bat egin dute. Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donostian, berriz, Zazpi baietz plataformak deituta kaleak hartu dituzte herritarrek partida hasi baino bi ordu lehenago. Plataformak salatu duenez, “asimilazio nazionalaren prozesu geldiezina” gertatzen ari da, eta horren adibide gisa ordezkari politikoek jarritako pantaila erraldoiak jarri ditu. Hain zuzen, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Tuteran, Eibarren, Ermuan, Irunen, Barakaldon eta Portugaleten jarri dituzte.

Bilbon, ‘Euskal Herriak ofizialtasuna. Espainolismoari ez’ lelopean abiatu dira Casilda Iturrizar parkera. Izan ere, bertan jarri du Alderdi Popularrak partida ikusteko pantaila erraldoia. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Ertzaintzak guztira 20 pertsona identifikatu ditu Bilbon eta bat ikertzen ari dira arma zuriz mehatxu egitea eta gauzak botatzea leporatuta.

Gasteizen, Hala Bedi komunikabideak jakinarazi duenez, Espainiako kamisetak zeramatzaten kalez jantzitako poliziak Kutxi kalean zegoen jendea “probokatzen” aritu dira. Lekukoen arabera, polizia Kutxin sartu da eta kargak izan dira; era berean, gutxinez lagun bat atxilotu dutela jakinarazi dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista