Euskal Herriko 115 ikastoletako lehendakariak Hernanin bildu dira Euskal Herriari egiten dioten ekarpena aldarrikatzeko
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
115 ikastoletako lehendakariak Hernanin bildu dira ostegun honetan, Euskal Herriari eta euskal komunitateari egiten dioten ekarpena aldarrikatzeko. Agerraldian, ostiralean matematikako azterketa euskaraz egingo duten ikasleei babesa adierazi diete, urrats horrek etorkizuneko belaunaldientzat aukera berriak zabaltzen dituela nabarmenduz. Era berean, ikastolen helburua euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea hezkuntza ibilbide osoan bermatzea dela azpimarratu dute.
Lehendakariek ikastolen sarearen indarra eta komunitatearen balioa azpimarratu dituzte, besteak beste. Haien hitzetan, “115 ikastola gara, baina herri bat josten dugu”. Horren adibide gisa aipatu dute azken hilabeteetan Lodosako Ibaialde Ikastolak eta Nafarroako ikastolek jasotako babes sozial zabala. Esan dutenez, ikastola baten etorkizuna arriskuan jartzen denean, herri oso baten hezkuntza proiektua jartzen da jokoan.
Amaitzeko, Euskal Herriak dituen erronka digital, sozial, pedagogiko eta linguistikoei aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Hala, ikastolen mugimendua indartzen eta etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen jarraituko dutela berretsi dute: “Egunez egun eta herriz herri, herri bat euskaraz josten jarraituko dugu”.

















