Elkartasuna nagusi Euskal Udalekuak elkarteak Bernedon antolatutako jaialdian
Gizartea
Maite de Felipe eta Gaizka Leitza
Asteburu honetan, Bernedon, Euskal Udalekuetako kideek elkartasun jaialdia antolatu dute. “Uda arraroa” izan bada ere, hezitzaile eta parte hartzaileek egun osoko egitaraua antolatu dute. Bertan, azpimarratu dute “Bernedo euskaran, feminismoan eta auzolanean oinarritutako proiektua dela”.
Era berean, udaldian zehar jasandako “errepresioa eta erasoak” salatu dituzte. Izan ere, iazko irailean Bernedoko udalekuetan izandako haur batzuen gurasoek “hezitzaileek umeak dutxa mistoak erabiltzera behartzen zituztela” salatu zuten; nahiz eta hezitzaileek hori ukatu bazuten ere, salaketa horiek bi bide zabaldu zituzten: penala eta administratiboa. Gauzak horrela, Arabako Foru Aldundiak udalekuak egitea debekatu zuen baina, ekainaren amaieran bertan behera utzi zuen debekua. Dena dela, hezitzaileek udalekurik ez egitea erabaki zuten.
Ikasturte “zaila” eta uda “ezohikoa” izan dela nabarmendu dute hezitzaileek elkartasun jaialdian, baina argi utzi dute ere “inoiz baino batuago eta indartsuago” daudela eta horregatik “borrokan jarraituko dutela”. Haien hitzetan, “elkarrekin eraikitako aisialdi eredu alternatiboak duen ahalmen eraldatzailean sinesten dugulako jarraituko dugu lanean”. Bertaratutakoei, familiei, haurrei, hezitzaileei, Bernedo berari eta proiektuan sinetsi dutenei jasotako babesa eskertuz eman diote amaiera asteburu honetako elkartasun jaialdiari.

















