Donostiako Piratek abordatzea egingo dute astelehen honetan eta Kontxako badia hartuko dute
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Urtero bezala, aurten ere milaka ontzi itsasoratuko dira Donostiako portutik eta Kontxako hondartzaraino nabigatuko dute. Goizean goizetik ibili dira herritarrak haien ontziak prestatzen eta apaintzen, eta arratsaldeko 17.00etan egingo dute abordatzea.
Astelehen honetan, kuadrillek, familiek eta lagunek bat egingo dute portuan, jai giroan, helburu argi batekin: hiria abordatzea eta piraten festarako grina Kontxako hondartzaraino eramatea.
2003an sortu zen piraten abordatzea, bestelako jai eredu bat aldarrikatzeko asmoz, eta orduan, 50 lagun inguru atera ziren itsasora. Ekitaldi horren helburua “espazio publikoaren erabilera askea eta komunitarioa” aldarrikatzea izan zen, eta egun, Donostiako Aste Nagusiko ekitaldi berezienetako bat bihurtu da.
Urteak igaro ahala, ekimena hazi egin da, eta gaur egun jada 4.000 parte hartzaile inguru biltzen dira bertan. Dena den, ekimenak hasieratik izan duen aldarrikapena mantentzen du: “herriarentzat sortutako jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunak” bultzatzea.

















