Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak 1940 eta 1945 artean deportatutako euskal herritarrak gogora ekarri ditu
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Maiatzaren 5a, Mauthauseneko kontzentrazio-esparruaren askapena oroitzeko egunarekin bat eginez, nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal herritarren oroimen-eguna da. Esparru horretan giltzapetu zituzten euskal deportatu gehienak, eta horietatik 78 bertan hil ziren.
Koordinakundeak adierazpena argitaratu du, eta bertan dei egin die herritarrei oroimen-ekitaldietan parte hartzera. Nabarmendu dutenez, memoria historikoa ez da ekitaldi sinbolikoetara mugatu behar; gizarte osoaren eguneroko konpromisoan oinarritu behar da. Horregatik adierazi dute gizarte zibila memoriaren transmisioaren eragile nagusia dela.
Azaldu dute, halaber, oroimenak euskarri fisikoak, sinbolo partekatuak eta iraunkorrak diren monumentuak behar dituela, denborarekin efimero bihur ez dadin. Azken urteotan, gainera, interesak gora egin du: oroimen-ekitaldiak, erakusketak eta jarduera didaktikoak ugaritu dira Euskal Herrian, eta gazteen inplikazioa ere handitu da. Belaunaldi berriek memoria bizirik mantentzeaz gain, ikuspegi eta ulermen modu berriak ere ekartzen dituztela azpimarratu dute.
Hala ere, suspertze hori testuinguru “kezkagarrian” kokatzen dela ohartarazi dute. Europan eta munduan gero eta gehiago direlako diskurtso faxistak berpizten ari diren mugimenduak. Horren aurrean, memoria historikoa ezinbesteko tresna dela azpimarratu dute, iragana ez ezik, gaur egungo errealitatea ere modu kritikoan aztertzeko.
Horregatik, gogorarazi dute maiatzaren 5a ez dela oroitzapen hutsa: kontzientzia kolektiboa indartzeko eta balio demokratikoekiko, giza eskubideekiko eta pertsonen duintasunarekiko konpromisoa berritzeko eguna ere bada, etorkizunerako “gida aktibo” gisa.

















