Bilboko manteroek protesta egin dute poliziaren errepresioa salatzeko
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Bilboko manteroek protesta egin dute poliziarengandik jasaten duten errepresioa salatzeko. Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole kolektiboek deituta, elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Alde Zaharrean, astelehenean Somera kalean atxilotutako azken manteroaren harira.
Adaxka Kultur Elkarteak astelehenean argitaratutako bideoetan ikus daitekeenez, hiru udaltzainek gizona lurrean immobilizatu zuten eta, ondoren, komisariara eraman zuten. Elkartearen arabera, udaltzaingoak gogor oldartu zitzaion manteroari, eta hau ez da kasu isolatua. Elkarretaratzearen antolatzaileek ere salatu dute “agenteen esku-hartzea bortitza, ulergaitza eta arrazista” izan zela eta gogorarazi dute udako hilabeteetan, batez ere Aste Nagusia gerturatu ahala, halako polizia-operazioak areagotu egiten direla.
Horren aurrean, manteroek salatu dute egoera hau “arrazakeria instituzional eta polizialaren” erakusgarri dela, eta kritikatu dute Udalak ez duela “eraso” hauekin amaitzeko asmorik erakutsi.
Horregatik, Bilboko Udalari eskatu diote sarekadei eta arraza-profilaren araberako geldialdiei amaiera emateko, eta nabarmendu dute kalean bizirauteko saltzeagatik ez dutela “tratu hori merezi”.

















