Skip to main content

Bertsozale Elkarteak Oreretako bertso irakasle batek egindako eraso matxistak salatu ditu

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 28 - 14:05

Bertsozale Elkarteak bertso irakasle baten eraso eta jarrera matxistak salatu ditu. Horren aurrean, Oreretako Mugimendu Feministarekin eta Oiartzungo Feministen Asanbladarekin batera, elkarretaratzea egingo dute larunbatean, egoera publikoki salatzeko.

Elkarteak jakinarazi duenez, Xenpelar Bertso Eskolako irakasle batek 2018tik hainbat eraso egin ditu. Urte hartan lehen salaketa jarri zioten, eta Bertsozale Elkarteak hainbat neurri hartu zituen; besteak beste, irakaslea bertsolaritzaren esparru formal eta informaletatik urruntzea. Hala ere, 2024an erabaki horiek ez zirela betetzen ari ohartu zen elkartea eta Indarkeria Matxistaren kasuen kudeaketarako Barne Protokoloa aktibatu zuen.

Aurten, berriz ere, hainbat sexu-eraso eta jazarpen psikologikoren salaketak jarri dituzte irakaslearen aurka, Xenpelar Bertso Eskolaren baitan. Bertsozale Elkartearen arabera, autodefentsa feministari eta saretzeari esker izan dute gertakarien berri; izan ere, ordura arte ez zuten informaziorik jaso. Gainera, adierazi dute erasotzaileak ezin izan dituela ekintza horiek konplizerik gabe egin, baina azpimarratu dute “badakitela” bertso eskola osoa ez dela konplize izan, ezta erabilitako espazio guztiak ere.

Hala, gertatutakoa eta inplikatutakoak publikoki salatzeko, elkarteak eta mugimendu feministako taldeek agerraldia egingo dute larunbatean. Autodefentsa, saretzea eta aliantza feministak ardatz izanik bilduko dira Oreretako Foru Plazan, 12:30ean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista