B Acceleration Week hasi da
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Inauguratu dute B Acceleration Week ekimenaren edizio berria. Ostegun eta ostiral honetan, BAT-B Accelerator Towerrek 20 herrialdetatik etorritako 100 startup baino gehiago bilduko ditu.
Jardunaldiari hasiera eman diote Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak eta Eriz Saez BATeko zuzendariak. Haiekin batera izan da Zahoor Ahmed Pakistaneko enbaxadorea ere; izan ere, BATek eta Islamabadeko National Incubation Centerrek lankidetza hitzarmena sinatu dute.
BAT eraikina 2022an inauguratu zuten, eta ordutik Europa hegoaldeko berrikuntza-gune nagusietako bat bihurtu da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustaturik, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, startupak, enpresak, zentro teknologikoak, ezagutza-eragileak eta inbertitzaileak elkarlanean jartzeko helburua du.
B Acceleration Week ekimenaren baitan, datozen bi egunetan negozio-aukerak sortzeko eta harreman profesionalak sendotzeko topagune izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioaren ardatza berrikuntza irekia izango da, lehiakortasuna indartzeko tresna gisa. Horretarako, hitzaldiak, mahai-inguruak eta esperientziak partekatzeko formatu berriak antolatu dituzte; besteak beste, SeedRocketekin elkarlanean egingo duten zuzeneko podcast bat.
Nabarmendu dutenez, nazioarteko izaerak ere protagonismo berezia izango du aurten. Izan ere, ekimenak Startup World Cup nazioarteko lehiaketaren eskualdeko finala hartuko du. Irabazleak Silicon Valleyn jokatuko den munduko finalean parte hartzeko txartela eskuratuko du, nazioarteko ikusgarritasuna lortzeko, inbertitzaileekin harremanak sendotzeko eta milioi bat dolarreko inbertsioa eskuratzeko aukerarekin.

















