Asilo eskatzaileekin elkartasunez, bilketa solidarioak iragarri ditu Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Gizartea
Maria Blanco Martin
Bilketa solidarioak egingo ditu Gasteizen maiatzean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, asilo eskatzaileen oinarrizko beharrak asetzeko xedez. Garrantzitsutzat jo dute elkartasun sareak ehuntzen jarraitzea, "erakundeen babesgabetasunaren eta migratzaileak deshumanizatu eta kriminalizatu nahi dituen olatu erreakzionarioaren aurrean”.
Bederatzi hilabete igaro dira asilo eskatzaileak, gehienak maliarrak, Gasteizera iritsi zirenetik, eta salatu dutenez, hitzorduak esleitzeko sistemak "kolapsatuta" jarraitzen du. Deitoratu dute pertsona hauek “labirinto burokratiko batean" harrapatuta daudela, eta haien eskubide zibil eta politikoak “linboan" daudela.
Era berean, salatu dute erakunde publikoek eta ordezkari poolitikoek "egiturazko desberdintasuna sortzen duen gizarte eredua" bermatzen dutela, "babesgabetasun egoerak normalizatuz”. Horren aurrean, Gasteizen “elkartasunaren eta duintasunaren” eredua garatzen ari dela nabarmendu dute.
Joan den martxoan elkartasun asanblada abiatu zuten, eta ordutik hainbat ekimen solidario jarri dituzte martxan. Horren baitan, Gasteizko zenbait auzotan bilketa solidarioak egingo dituzte: Aranan, maiatzaren 9an, 11:30etik 13:30era; Salburuan, maiatzaren 22an, 18:00etatik 20:00etara; eta Alde Zaharrean, maiatzaren 30ean, 11:30etik 13:30era.

















