Argitaratu dira EHUko Unibertsitatera Sartzeko Probaren behin betiko notak
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Astelehen honetan argitaratu dira EHUko Unibertsitatera Sartzeko Probaren behin betiko notak. Berrikuspen-prozesua amaitu ostean, Euskara eta Literatura azterketako zero kopurua nabarmen jaitsi da: hasierako 76tik 11ra. Hala ere, unibertsitateak adierazi duenez, kalifikazioen banaketa orokorrak ez du ia aldaketarik izan.
Emaitzen berri emateko agerraldia egin dute Joxerra Bengoetxea EHUko errektoreak eta Urtza Garay Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak. Ikasleei eta familiei zuzendu zaizkie, adieraziz badakitela egun hauek “tentsio eta ziurgabetasun handikoak” direla milaka gazterentzat. Horregatik, azpimarratu du ebaluazio-sistemak berme eta berrikuspen mekanismoak dituela aukera-berdintasuna, objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko.
Euskara eta Literaturako azterketaren harira, Bengoetxeak nabarmendu du berrikuspenek zenbait ebaluazio doitzeko balio izan dutela, baina ez dutela prozesuaren emaitza orokorra aldatu. Izan ere, berrikusitako kasuen ia %60tan nota bere horretan mantendu da; %34tan pixkat igo egin da, eta %5,5ean jaitsi.
Hala, adierazi duenez, “erabat zilegia da” kalifikazio jakin batekin desadostasuna adieraztea, baina berrikusketa-mekanismoak horretarako daudela. Hortaz, gehitu du “ezin dela zalantzan jarri” ebaluazioan parte hartzen duten profesionalen lana “ebidentzia objektiborik” gabe. Errektorearen arabera, kalifikazioek ebaluazio-irizpideei eta legez ezarritako prozedurei soilik erantzun behar diete, eta ez presio sozial edo politikoei.

















