Skip to main content

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak autobusak jarri ditu Amurrioko lantokira joan nahi duten beharginentzat

Ekonomia

Maite de Felipe Suso

2026, Maiatza 12 - 14:05

Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak eskuragarri jarri ditu beharginak lanera joan ahal izateko autobusak. Astearte honetako goizeko lehen orduetan sartu da lehenengoa Amurrioko lantokira eta bigarrena goizeko zortziak aldera. Ibilgailua gortinak itxita pasa da, bertan zihoazen langileen anonimotasuna bermatzeko. Ertzaintzaren presentzia handia izan da goizean zehar.
Lantegiko sarbideetan jarritako piketeak zeharkatzean haien “segurtasunaren beldur” ziren hainbat langilek eskaera egin ondoren hartu du erabakia zuzendaritzak, jakinarazitakoaren arabera.
Izan ere, joan den astean plantillaren %25ak deitutako batzarrean greba bertan behera uztea proposatu zuten. Bertan egon ziren 234 langileetatik 232k alde bozkatu zuten. CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute erabakia. Dena den, kontuan hartu beharra dago Tubos Reunidos 900 bat beharginek osatzen dutela eta martxotik daudela greba mugagabean.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek, berriz, jakinarazi dute greba batzordeak bakarrik duela legezko ahalmena lanuztea bertan behera uzteko.
Bestalde, aurreko astean Tubos Reunidosek hartzekodunen borondatezko konkurtsoa aurkeztu zuen Arabako epaitegi batean. Enpresaren arabera, “berehalako kaudimen gabezia” dela eta hartu zuten erabakia. Euren hitzetan, “ezin dituzte bermatu Tubos Reunidosen bideragarritasunerako beharrezkoak diren premisak”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista