Skip to main content

Kaleratze kolektiboa iragarri du Laudioko Maderas de Llodio enpresak

Ekonomia

Maite de Felipe Suso

2025, ira. 08 - 10:09

Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektiboa abiatzeko asmoa duela iragarri du. Enpresa Batzordeak azaldu duenez, oraindik ez dute xehetasun gehiagorik; izan ere, ezagutzera eman dutenez, zuzendaritzak “modu inprobisatuan” eman zuen kaleratzeen berri eta langileen “egonkortasuna arriskuan jar dezaketen” beste neurri batzuk ere aipatu zituen. Laudioko enpresak 151 langile ditu eta batzordearen arabera, oraindik ez dakite neurriak zenbat langileri eragingo liokeen.


Bestalde, erabakiak jakinarazteko modua “guztiz onartezina” dela salatu du Enpresa Batzordeak. Adierazi dutenez, ez zuten aurretik bilerarik deitu eta momentu horretan plantan zeuden ordezkariei “modu inprobisatuan” ezagutarazi zieten neurria. Beraz, kaleratze kolektiboaren prozedura bertan behera uztea eta hitzarmenaren negoziazioak berriz hastea eskatu du batzordeak. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, astearte honetan bilduko dira zuzendaritzarekin eta langileen asanblada bat antolatuko dute.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista