Skip to main content

Izarkom eta Goiener kooperatibek 'Itzali sistema, piztu alternatibak' ekimena gogora ekarri dute, itzalaldi orokorraren urteurrenean

Ekonomia

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 05 - 10:05

Iazko itzalaldi orokorraren urteurrenean, Izarkom eta Goiener kooperatibek, Talaios Kooperatibaren laguntzarekin, ‘Itzali sistema, piztu alternatibak’ ekimena abiatu dute, baliabideak kolektibizatu eta eredu “gardenagoak eta demokratikoagoak” sustatzeko.

2025eko apirilaren 28ko itzalaldiak Hego Euskal Herrian eragin handia izan zuen, herritar asko argindarrik gabe utziz eta jarduera ekonomikoa baldintzatuz. Horren harira, egungo sistema “zentralizatua” eta argindarraren “oligopolioa” kritikatu dituzte, “inbertsio minimoa - etekin handiena” logikan oinarritzen dela salatuz.

Alternatiba gisa, sistema “erresilienteagoak” proposatu dituzte eta herritarren parte-hartzea “ezinbestekotzat” jo dute kontsumo ohiturak eraldatzeko. Era berean, instituzioei “burujabetza eta jasangarritasuna” sustatuko dituzten politika “aktiboak” eskatu dizkiete.

Manifestua sinatu dutenen artean, Olatukoop, Udalbiltza, REAS Euskadi, ELA, LAB, Etxalde, ESK, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ekhilur, EH KOM, Talaios, Koop57, BAM (Burujabetzaren Aldeko Mugimendua), Butroi Bizirik eta Euskonet Elkartea daude, besteak beste.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista