Skip to main content

Grebari berrekin diote Gipuzkoako erresidentzietako langileek prekarietatearekin amaitzeko

Ekonomia

Ane Garitaonandia

2025, uzt. 10 - 10:07

Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako 5.000 langile inguruk hiru eguneko greba egingo dute (uztailaren 9an, 10ean eta 11n), ekainean egindako lanuzteen jarraipen gisa, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa blokeatuta dagoelako. Asteazken honetan jarraipen zabala izan du jardunaldiak lantokietan, sindikatuen arabera, eta manifestazio batek Donostiako kaleak zeharkatu ditu Gipuzkoa plazatik abiatuta.

ELAk, negoziazio mahaian % 60ko ordezkaritza duen sindikatu nagusiak, berriro salatu du patronalek ez dutela aurkeztu sektoreak pairatzen duen lan prekarietateari amaiera emango dion benetako proposamenik. Gainera, zentralak berriro eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari «bere erantzukizuna bere gain har dezala» eta lidergo lana egin dezala lan baldintzak eta zainketen kalitatea hobetuko dituen akordio bat errazteko.

Sindikatuaren datuen arabera, sektoreko langileen % 40k baino gehiagok borondatezkoak ez diren lanaldi partzialeko kontratuak dituzte, eta horrek eragin negatiboa du bai haien bizi kalitatean, bai adineko eta mendeko pertsonek jasotzen duten arretan. Hitzarmen horretarako, ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea eta asteko 32 lanordu ezartzea besteak beste.

Gainera, sindikatuak dei egiten die langileei ez ezik, herritarrei eta gizarte eragileei ere aste honetako mobilizazioetan parte hartzera, zaintza publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoen alde.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista