Skip to main content

Gasteizko lorezainak greban jarraituko dute enpresaren proposamenari ezezkoa emanda

Ekonomia

Maite de Felipe Sosa

2025, uzt. 31 - 12:07

Gasteizko Udalak azpikontratatutako lorezainak Enviser enpresarekin batzartu eta berriro ere akordiorik gabe amaitu dute, beraz, greban jarraituko dutela iragarri dute.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez, bileran ez da aurrerapauso esanguratsurik eman, Enviser enpresak 2026rako eta 2027rako eskaintza zertxobait aldatu duela baieztatu dute eta 2028rako aurkeztu duen proposamena Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuordeak egindakoa baino eskasagoa dela berretsi dute sindikatuek.
Gasteizko alkate den Maider Etxebarriak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, ulertezina da greba hainbeste luzatzea eta ziurtatu du proposamen bat egon dela mahai gainean baina sindikatuek baztertu egin dutela, bere ustez, kalkulu politikoengatik.
Lorezainek alkateari erantzun egin diote, esanez, ulertezina zera dela, Gasteizko Udalak hurrengo kontratuan bere gain hartuko dituen hobekuntzei muga bat jartzea.
Bide batez, lorezainek lanuzteak momentuz iraun duen lau hilabete luzeetan herritarrengandik jasotako babesa eskertu dute. Era berean, ostegun honetan gasteiztarren artean bildutako atxikimendu sinadurak udal bulegoan erregistratu dituztela jakinarazi dute.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista