Skip to main content

Bertan behera geratu da hezkuntza publikoko irakasleen greba, akordioa lortu ostean

Ekonomia

Ane Garitaonandia

2025, Maiatza 12 - 14:05

Bertan behera geratu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publiko irakasleek aste honetarako deituriko grebak Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek, ELAk izan ezik, akordioa sinatu ostean.

Orduak iraun zituen ostiraleko negoziazioak, izan ere, hirutan bildu behar izan zuten negoziazio mahaia eta gaueko 22.30ak aldera iragarri zuten irakasleek itun berria izango dutela. Sindikatu eta Hezkuntza Sailaren arteko bilerak ez dira publikoak, hala ere, sindikatu bakoitzak, bere aldetik, egin ditu gertatu denaren inguruko bere interpretazioak. LAB sindikatuak aurkeztutako proposamenak sindikatuak berak ezinbestekotzat jotzen dituen hobekuntzak lantzen dituela jakinarazi du eta azpimarratu du, egindako borroka faseek hezkuntza publikoko langile guztien hitzarmenak lortzeko beharrezkoak direla.

ELA sindikatuak aldiz, akordioa ez sinatzea erabaki zuen. Azaldu dutenez, akordioak ez ditu grebalariek aldarrikatzen dituzten eduki nagusiak jasotzen, eta gainerako sindikatuek sinatu izana, LABek, STEILASek eta CCOOek, grebekin jarraitzea ekiditen du, horrek, euren ustez, akordio hobe bat lortzeko aukera oztopatzen du.

Itunak, besteak beste, lan zamak txikituko ditu, ordezkoen lan baldintzak eta soldaten hobekuntza ere ekarriko die irakasleei eta burokrazia murrizteko neurriak izango ditu. Azaldu dutenez, hartutako erabaki hau 27.000 irakasleengan du eragina. 

Sindikatuek adierazi dutenez, egindako bederatzi greba egunek eragina izan dute, izan ere, urtarrilaren 22an izan zuten lehenengo greba eguna irakasleek, helburu argi batekin, hamabost urte baino gehiago zituen lan hitzarmena berritzea.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista